UME ETA NERABEENTZAT AISIALDI HEZITZAILEKO JARDUERAK DITUEN 2020KO UDA BATEN ALDE

ADIERAZPENA:

UME ETA NERABEENTZAT AISIALDI HEZITZAILEKO JARDUERAK DITUEN 2020KO UDA BATEN ALDE

1.

Covid 19-aren ondorioz oso garai zailak dira. ASTIALDI SAREA, Euskadiko hirugarren sektore sozialaren parte aktiboa osatzen dugun (aisialdiko) heziketa erakundeek haurren, nerabeen eta gazteriaren heziketan, bidelagun izaten, laguntzen eta aisialdian ekarpenak egiten jarraitu nahi dugu 2020ko uda honetan ere. Uneoro osasun-neurriak betetzen direla bermatuz. Haurren eta nerabeen eskubideen defentsan jardungo dugu, malguak izanik eta momentuko egoerara egokituz. Herritarren ekimenetik, boluntariotzatik, baloreekin, gizarte- politikekin eta hezkuntza-politikekin konprometituta egingo dugu lan, Euskadiko administrazio publikoen laguntzarekin.

Aisialdiko heziketan lan egiten dugun elkarteak oso egoera zailean gaude. Guri ere beste sektore askori bezala, Covid-19ak bete-betean eragin digu. Lehen hilabete hauetan gure lan egiteko modua asko moldatu behar izan dugu baina aurrera egin behar dugula uste dugu. Uda da aisialdi hezitzailearentzat une garrantzitsuenetariko bat eta dena espero bezala badoa eta administrazio publikoen laguntza izanez gero aisialdiko jarduera hezitzaileak egiteko aukera, handia izango da.

2.

Covid-19a ondorio larriak sortzen ari da haurrengan, nerabeengan eta gazteengan konfinamendua, ikastetxeen itxiera eta inpaktu sozioekonomikoa dela medio. Arrisku eta zailtasun berriak asko dira; hala nola, famili kontziliazioa, haur eta nerabeen garapena: prebentzioa, sustapena, babesa…

Haurrak eta nerabeak zaintzea gizartearen eta komunitatearen lehentasuna da. Eta aisialdiko hezkuntza, hezkuntza ez formala, haurren eta nerabeen zerbitzura eta hauen garapenaren zerbitzura dagoen etengabeko prozesu integrala da. Aisialdia haurren eta nerabeen eskubidea da, eta jolasa haien euskarri nagusia, norberarekin, lagunekin eta munduarekin komunikatzeko tresna. Aisialdiko hezkuntza garapen pertsonalerako tresna da eta ez denbora betetzeko tresna. Baloreetarako, aisialdi osasungarrirako, adierazpenerako, parte-hartzerako, sortzeko… erreminta da. Haurrak eta nerabeak herritarrak dira, dagozkien eskubideekin eta egitekoekin.

Aisialdi hezitzaileak berdintasuna sustatu nahi du, haur zaurgarrienei arreta eskaini nahi die… Covid-19aren krisiak sortutako beharrek, konfinamenduak, arintze neurriek, mahai gainean jar daitezkeen agertoki desberdinen aurrean dauden zalantzak eta ondorio ekonomikoek haurren eskubideekin bat egiten duen lanaren nondik norakoak markatu behar ditu.

Aisialdiko jarduerek laguntza sozio-hezitzaile pertsonalizatua eskaintzen diote pertsona bakoitzari eta hauen familiei, betiere, bakoitzaren egoeraren arabera. Bizi dutenari eta sentitu dutenari buruz hitz egin eta ikastea, eusteko, aurre egiteko, egokitzeko eta hazteko gaitasunak garatzea dute helburu. Beren eskola-beharretan laguntzea, afektibitate-beharretan, alderdi emozionalean, zenbait kasutan hilabete hauetan bazterrean gera daitekeen euskararen erabileran laguntzea. Bizi dituzten eta oraindik ere bizitzen ari diren egoera zailetan esku hartzea, baita beren familietan ere, modu batera edo bestera: frustrazioa, antsietatea, familia-tentsioak, dolua, azalpen-gabezia, larritasuna, zalantza, errua, presioa… lantzea.

Aisialdiko jarduerak haurren eta gazteen isolamendua hausteko jarduerak dira, topaketa, harremana, elkarbizitza, sozializazioa eta beren arteko trukea ahalbidetzeko jarduerak. Dibertsioa, jolasa eta ekimen ludikoak beharrezkoak dira orain batez ere. Hurbilekoak eta adierazgarriak izan behar dute erreferenteak diren hezkuntza-eragileekin gehien behar duten horiei entzuteko, orientatzeko, aholkua emateko, ilusioa pizteko eta txertatzeko.

Gizarte digitalaren mehatxuetan, aukeretan eta zailtasunetan ekarpena egiteko jarduerak dira. Bideojokoetako eta sareetako aisialdi jarduerak aurrez aurreko jarduerekin tartekatzea ezinbesteko ikusten dugu, beste interes eta konpetentzia batzuk ezagutuz eta motibazioa ugarituz (artistikoak, teknologikoak, kirol arlokoak eta abar). Aisialdiko jarduerak jarduera fisikoa eta kirola egiteko bide izan daitezke inguruarekin konexioa bilatuz eta baita komunitate-bizitzan parte hartzea bermatuz. Sormena, elikadura eta bizitza osasungarriko ohiturak, oinarrizko beharren arreta, jarduera kultural anitzetarako eta estimulagarrietarako sarbidea, konpetentzietan eta balioetan hezten gaituzten jarduerak dira.

3.

Haurrek, nerabeek, familiek, aisialdi hezitzaileko jarduerak behar dituzte 2020ko uda honetan eta ASTIALDI SAREA osatzen dugun hezkuntza-erakundeek hori posible dela uste dugu. Parte hartzaileen, antolatzaileen, hezitzaile profesional eta boluntarioen, kontratatutako hirugarrengoen eta inguruneko pertsona eta senitartekoen segurtasuna bermatzeko, osasuna babesteko edota kutsatzeak saihesteko mugak handiak direla badakigu.

Horregatik, osasun-jarraibideetara eta osasun publikoko jarraibideetara zorrotz egokitzen diren aisialdi hezitzaileko jarduerak antolatzea da helburua, betiere, egokitzapen, prebentzio, baldintza, neurri, gomendio eta protokoloak erabiliz. Osasuna bermatzen duten ekintzak diseinatu eta antolatuko dira, 2020ko udaren errealitatera egokituta. Badakigu jarduera hauek ez direla lehengoak bezalakoak izango, baina neurri bereziak erabiliz hauetako asko egin ahal izango dira. Udako jarduerak sustatu behar direla uste dugu haur eta gazteen beharrak asetzeko garrantzitsuak direlako.

 

4.

Euskal administrazioei (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak) haurrek aisialdirako, jolaserako eta kultur arloko jarduerak zein hezkuntza arlokoak eta artistikoak egiteko duten eskubidea bermatzeko sortzaileak edota alternatiboak diren irtenbideak garatzea eskatzen diegu. Pandemiak eragindako ezohiko egoera dela eta egoera zaurgarrian dauden haurrak are gehiago babestuz. Euskal administrazio publikoei errealitate berrira egokitutako aisialdi hezitzaileko jarduerak babesteko eskatzen diegu; izan ere, desberdintasunei eta Covid-19aren krisiaren aurrean familia asko jasaten ari den babesgabetasun-egoerari aurre egin behar zaio.

Administrazioek eta gizarte-erakundeek politika publikoetan sarean egin behar dugu lan, arlo desberdinetatik krisi honen aurrean lan egin eta irtenbideak eskaini ahal izateko bat egin behar dugu. Honela, zauriak sendatuko dituen eta zaurgarrienei lagunduko dien irtenbide osasungarria bermatuz. Ezin dugu familien sufrimenduaren aurrean ezikusiarena egin, ezin dugu arrakala sozialaren handitzea onartu, udan gozatzeko ahalmenak ezin du batzuen eskura bakarrik egon, hori ez baita justizia soziala eta aisialdi hezitzailea justizia sozialeko tresna izan da beti; beraz, orain tresna horiek eskaintzeko eta sustatzeko unea da.

Erakunde eta taldeek ez diogu beldurrik ekintzari eta aukera-berdintasunaren, haurren eskubideen, eta nerabeen eta gazteriaren alde lan egiteari. Gure beldurrak akzio falta eta honen ondorioak dira.

astialdisarea.eus | Euskal Herriko gizarte esku hartzerako eta astialdi hezitzailerako erakundeen sarea

Adierazpena pdf formatuan