Ikasleak herrirako lanean

Hernanin aurtengo Agenda 21 programan mugikortasuna landu dute eta Lanbide Heziketan bizikleta aparkaleku batzuk sortu dituzte. Proiektu honekin Praktika Ona saria eskuratu dute.

Gelan ikasitakoari praktikotasuna emateko eta kasu erreal bat jorratzeko xedearekin, Hernani Lanbide Heziketa zentroko Joana Zamora eta Aitor Zabala irakasleek amaitu berri den ikasturtean herrirako bizikleta aparkaleku batzuk sortzea bururatu zitzaien. Zamora eta Zabala Agenda 21 programako arduradunak dira eta aurten mugikortasun gaia lan-tzen ari direnez, proiektu hau aurrera eramatea okurritu zitzaien.

“Batzuetan ikasleek ikasgelan ikasitakoa egunerokotasunean nola erabili ez dute ikusten eta guk proiektu honekin herrian eragina izan zezakeen ariketa bat planteatu nahi genuen”, azaldu du Zabalak. “Gainera ziklo desberdinetako ikasleek elkarlanean jarri behar genituen. Hau ere oso interesgarria da, ikus dezaketelako besteek zer egiten duten. Aparkalekuak egiteko, mekanikako eta animazioko irakasleek parte hartu dute”, gaineratu du Zamorak. Bi irakasleak ados daude horrelako eginkizunak ikasleak gustura hartzen dituztela eta kasu errealek eta beren lanak herrian eragina izateak motibatu egiten dituela.

“Behin diseinua genuenean, udaletxera jo genuen produktu hau saltzera eta ikasleek han bere proiektua aurkeztu zieten zinegotzi eta udal teknikariei. Esan beharra dugu Udalaren laguntza prozesu honetan guztietan izan dugula eta gure iniziatiba oso begi onez ikusi dutela eta elkarlanerako prestutasuna datozen proiektuetarako erakutsi digutela”, aipatu dute.

Dagoeneko lau aparkaleku egin dituzte eta datorren ikasturtean herrian zehar ipiniko dituzte udal langileekin batera. Ziur aski Biterin, udaletxean eta kiroldegian kokatuko dira. “Behin jarrita daudenean, animaziokoek sentsibilizazio kanpaina abian jarriko dute”, esan dute.

Lehen saria

Behin proiektua landuta zeukatenean, enteratu ziren Errenterian kokatuturik dagoen Tknikak, Lanbide Hezkuntzari Aplikatutako Ikerketarako eta Berrikuntzarako Euskadi Autonomi Erkidegoko zentroak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, ikastetxeetako praktika onak sarituko zituela eta beraien egitasmoa lehiaketa honetarako aproposa izan zitekeela pentsatu zuten. Aurkeztu ziren eta lehenengo saria lortu zuten.

Tknikatik adierazi dutenez, Lanbide Heziketako irakasleen artean kultura ekintzailea bultzatzeko asmoarekin Irekin: Irakasle Ekin! programa martxan jarri zen. “Irekin programan Euskal Herriko Lanbide Heziketako ikastetxeetan aurrera eramaten ari diren praktika onak ezagutu nahi ditugu, aurrera eramaten dituzten irakasleen lan bikaina ezagutarazteko eta lan bikain hori beste irakasleen esku jartzeko, eredu gisa”, adierazi du ekimen honetako arduradunak, Inge Gorostiagak.

Horretarako, 2016 eta 2017an Ikastetxean Praktika Onen Lehiaketaren lehenengo eta bigarren edizioak ospatu dira. Azkeneko edizioan 32 lagunek euren esperientziak partekatu dituzte eta hauen guztien artean irabazleak, esan bezala, Hernaniko Gizarte Berrikuntzako LHIIko Hernanin Bizikletan proiektua izan da.

“Lanbide Heziketako ikastetxeetan lan bikaina burutzen ari dira, eta Praktika Onen irabazlea zein izan den erabakitzea ez da batere erraza izan”, argudiatu du Tknikako Ekin-tzailetza Kulturako teknikariak.

Baina zergatik irabazi du, azkenean, Hernaniko proiektuak? “Zentruan eta bere inguruan eragina du, bere lan egiteko izaera berritzailea da eta ezezaguna eta erakargarria izateagatik. Ikasleentzat beste ikasketa batzuk burutzen dituzten ikasleekin elkarlanean aritzea eta eskolatik irtetzea aurrerapauso bat suposatu du, mundu errealean nola arituko diren ezagutzeko aukera izan dute”, azpimarratu du.

Praktika ona aurrera eraman duten irakasleek ikasteko erabili duten metodologia honen ondorioz gaur egunerako eta lan mundurako beharrezkoak diren Hernaniko ikasleen gaitasun eta ahalmenak hobe-tzea lortu dituzte. “Zentruan eta baita Hernaniko herrian eragina izan duen ekimena da eta beste Lanbide Heziketako zentruetara eramateko esperientzia interesgarria dela uste dut”, gaineratu du Gorostiagak.

“Urte batzuetan ikastetxe hau kanpoari itxita egon da eta orain herrira ireki nahi dugu”, aurreratu du Zabalak. Horregatik, Hernaniko irakasleek etorkizunean irakasteko bide hau sakontzeko asmoa dutela baieztatu dute.

(Iturria:NOTICIAS DE GIPUZKOA. 2017/07/13)