2021eko Ikasketa-Zerbitzua Sariak

Proiektuak aurkezteko oinarriak

Espainiako Ikaskuntza-Zerbitzua Sareak eta Edebé Fundazioak, aurten Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren laguntzarekin, 2021eko Ikaskuntza-Zerbitzua Sarietan parte hartzeko dei egiten die Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeei nahiz gizarte-erakundeei.

Sarien helburuak

1. Haur eta gazteen ikaskuntza eta komunitatearen bizi-kalitatea hobetzeko ekintza solidarioak uztartzen dituzten ikastetxeen eta gizarte-erakundeen lana aitortzea.

2. Haurrek eta gazteek, bereziki ingurunean aldaketa positiboak eragiteko aukera gutxiago dituztenek, herritar aktibo bihurtzeko duten gaitasuna onartzea.

3. Ikaskuntza-zerbitzuko jarduerak hezkuntza arrakastatsurako eta konpromiso sozialerako tresnak direla aitortzea, eta horien zabalkundea sustatzea

4. Gizarte-justizian eta giza eskubideetan oinarritutako kultura parte-hartzailea, solidarioa eta konpromiso zibikokoa indartzea eta zabaltzea gizartean.

Ezaugarriak eta eskakizunak

1. Nork hartu ahal izango du parte?

Haur eta Lehen Hezkuntzako, DBH – Batxilergoko eta Lanbide Heziketako1 ikastetxe publiko, itunpeko edo pribatu guztiek hartu ahal izango dute parte 2021eko Ikaskuntza-Zerbitzua Sarien deialdian, baldin eta edozein autonomia-erkidegotan ikaskuntza-zerbitzuko jarduerak garatzen badituzte.

Halaber, gizarte-erakundeek ere hartu ahal izango dute parte (gazteen mugimenduak eta elkarteak, astialdirako elkarteak, eskauten elkarteak, boluntarioen elkarteak, ingurumeneko elkarteak, kulturalak…), baldin eta edozein autonomia-erkidegotan ikaskuntza-zerbitzuko jarduerak garatzen badituzte.

Ikastetxeek eta parte hartzen duten gizarte-erakundeek indarrean dauden legeak errespetatu behar dituzte, eta, bereziki, haurrak babesteko neurriei buruzko guztia.

Sariak hezkuntza-sektore ez-unibertsitarioentzat direnez, instituzio unibertsitarioek ezin izango dute ikasle unibertsitarioak protagonista dituen proiekturik aurkeztu, baina parte hartu ahal izango dute deialdian aurkeztutako ikastetxeen edo gizarte-erakundeen laguntzaile gisa.

Administrazio publikoak ere kanpoan geratzen dira, baina ikastetxeen edo aurkezten diren gizarte- erakundeen erakunde laguntzaile gisa aurkez daitezke

Ezinbestekoa izango da deialdian aurkezten den proiektuak instituzioko (ikastetxeko edo gizarte- erakundeko) zuzendariaren abala edukitzea eta ez bakarrik proiektuko arduradunarena.

Ikastetxe edo gizarte-erakunde bakoitzak nahi adina proiektu aurkez ditzake, oinarrien araberakoak badira.